2009/11/17

Komunikatzaileak telebistan edo irratian

Komunikabideen munduan lan egitea ez da gauza erraza, izan ere, publiko batentzat jarduteak erantzunkizun batzuk dakartza, etengabeko presioa jasan behar izatearekin batera. Momentuoro egoki jokatu beharra dago, ahalik eta akats gutxien izaten saiatuz eta audientziak eskatzen duena eskainiz, gero eta zabalagoa den konpetentzia atzean uzteko.

Telebistako edota irratiko aurkezle izateko ezaugarri jakin batzuren jabe izatea ezinbestekoa da, lan horrek eskatzen dituen baldintzak behar bezala betetzeko. Garrantzi handikoak dira alde batetik publikoari zuzenean erakusten zaizkion karakteristikak, hala nola, itsura fisikoa, jarrera, ahotsaren tonua, hitz jarioa... Horrelako faktoreak oso dira zaindu beharrekoak, norberaren inguruan eraikitzen den inpresioa ahalik eta onena izan dadin. Era berean, izaerak ere bere garrantzia dauka, pertsona sendo, azkar eta seguru batek erraztasun handiagoz jokatuko duelako kamera edo mikrofono baten aurrean. Aurkezle batek ezagutza zabala eduki behar du gainera, edozer gauzaren aurrean bizkor erantzun ahal izateko.

Nire ustez, ezaugarri hauek modu egoki batean betetzen dituen pertsonetako bat Africa Baeta da, Etb2-ko Teleberriko aurkezlea. Emakume dotorea dela uste dut, bere itsura atseginaz gain, ahots eta hitz egiteko era egokiak dituenak bereziki bere lanean jarduteko, berriak aurkeztuz. Gainera, informatibo aurkezle izateko beharrezkoa iruditzen zaidan seriotasuna eta sineskortasuna transmititzeko gai da, era berean modu atsegin batean agertuz.

Azkenik, eta niri erreferentzia eginez, oraingoz zail egiten zait nire burua komunikabide jakin batean kokatzea. Telebistan zein irratian lan egitea oso gustuko izango nukeen arren, oraindik ezin jakin dezaket zein arlotan edo euskarritan jardungo nukeen hobe. Hala ere, hau denborarekin argituko den auzia dela uste dut; horretarako, bide ezberdinetan zehar saiakerak egin behar ditudala deritzot, gustukoen dudana zer den jakiteko.

0 comentarios:

Publicar un comentario en la entrada